Euskara hutsezko herri irratia dugu Oiartzungoa, dinamikoa eta herritar guztientzat ateak zabalik dituena; herrikoia, irekia, partehartzailea, inklusiboa, berdintasunean oinarritua, euskalduna eta anitza da Oiartzun Irratia.
Irratiak hainbat helburu ditu; hasteko, euskaratik eta euskaraz funtzionatzen du eta
oiartzuera erabiltzen saiatzen gara beti, gure euskalkian ahalik eta gehien eginaz. Herriko albisteak lehenesten ditugu; ondoren eskualdekoak, gero Euskal Herrikoak eta, azkenik, mundukoak. Irrati herrikoi bat da, eta, beraz, oiartzuar guztientzako ateak zabalik daude hemen: elkarteak, komertzio txikiak, herriko ikastetxeak, Udala, herriko sortzaileak, herriko jai batzordeak, eragileak… Oiartzunen antolatzen den edozeri eta edozein herritarri zabaltzen dizkiogu gure ateak; gure ustez herria eta herritarrak baitira Oiartzun Irratiko zutaberik garrantzitsuenak.
Oiartzungo Udalak urte guzti hauetan zehar herriko irratiaren alde egin du: beti babestu gaitu, lagundu, lokala utzi, kolaboratu eta Oiartzun Irratiari eskura duen guztia eskaini.
Bi langile gaude jardun osoz lanean, baina kolaboratzaileak eta gonbidatu asko ditugu, sare handia dugu eta txikia badirudi ere, irrati handia da Oiartzun Irratia gaur egun. Astelehenetik ostiralera emititzen dugu 10:30etatik 13:30etara (zuzeneko emisioa) eta arratsaldean errepikapenak jartzen ditugu. Egunero-egunero, herriko, Euskal Herriko eta munduko albisteak ematen ditugu, eguraldiaren berri ematen dugu, hainbat elkarrizketa egiten ditugu, entzuleekin lehiaketa egiten dugu, eta gure kolaboratzaileekin gai desberdinak jorratzen ditugu.
OIARTZUN IRRATIA, URRUTIRA JO GABE!
OIARTZUN IRRATIAREN SORRERA
90. hamarkada herri komunikabide euskaldunen aroa izan zen. Euskalgintzan, ordura arte, erdarazko zerbitzuei begira bizi ginen; haiek zer egin, guk hura kopiatu. Baina haiek ohartu aurretik, euskalgintza konturatu zen informazio lokala lantzen zuten komunikabideen premia genuela. Herri askotan bertako informazioa jasotzeko euskal komunikabideak sortu ziren; euskararen normalkuntzan urrats garrantzitsua izan zena. 1998an gure eskualdean egoera txarrean geundenik ezin esan. Eskualdeko lau herritan euskara hutsezko herri aldizkariak geneuzkan: Oreretako “Lau haizetara”, Lezoko “Orratx!”, Pasaiako “Branka” eta Oiartzungo “Udal aldizkaria”. Bestalde, eskualde mailako herri telebista ere bagenuen: “Oarso telebista”.
Eta urte hartan bertan, 1998an, Oiartzun Irratiko proiektua jarri zen martxan. Oarso telebistako kide zen Gema Lasarte Leoneten ideia izan zen Oiatzunen irratia sortzea.
Aurretik bi irrati egonak ziren Oiartzunen: “Urritza Irratia” eta “Kontakatilu irratia”. Gema Lasartek Ane Lardiri egin zion irratia martxan jartzeko gonbitea eta honek, onartu. 1999 hasieran Udalarekin hitzarmena sinatu zuen Oarso Kultur Fundazioak. Udalak azpiegiturak utziko zizkion fundazioari eta fundazioak programazioa eskaini. Horrela, 1999ko uztailaren 7an Oiartzun Irratiko lehenengo saioa emititu zen. Eguneroko lanetan aritzen zirenez gain (Ane Lardi, Jose Luis Pikabea eta Juanan Corral), herritar askok parte hartu zuten proiektuan. 2002 inguruan irratiari izaera juridikoa eman zioten eta Hitz Hots elkartea sortu zuten. Urteak aurrera egin ahala, irratia handitzen joan zen tresna eta taldekide aldetik. 2008. urtean, Aztiker enpresak Oiartzun Irratiari buruzko iritzi azterketa egin zuen, Udalak hala eskatuta. Irratiak emaitza oso onak jaso zituen, bai eskaintzen duen programazioari eta bai esatarien kalitateari dagokienez. Ikerketa horrek agerian utzi zuen, halaber, oiartzuarrek erabateko lehentasuna ematen diotela herriko edo gertuko informazioa jasotzeari. Ordutik langile, kide, kolaboratzaile, entzule, elkarrizketatu, laguntzaile, babesle… asko izan gara irratiko familia osatu dugunak. Eta 1999an sortu zenetik, martxan dago. 2024an 25. urteurrena ospatu genuen! Bizi-bizirik dugu irratia eta bide oparoa du egiteko.